viernes, 27 de septiembre de 2013


AZKEN GELTOKIA: FILIPINAK. LAGUNEKIN OPORRETAN.

Osakatik Manilara hegan egin eta hurrengo egunean bertan jo genuen hegazkinez Filipinetan aukeratu dugun irlara, Palawanera. Puerto Princesa, Palawaneko hiriburua, izan da gure lehenengo txokoa, hortxe topo egin dugu itsasoarekin. Itsasoa da protagonista nagusia Filipinetan. Arrantzaleak harrapatutako arraina portura eramaten.

Arraina sailkatu
eta merkatuan saltzeko prest.
Senideak merkatuan lanean dauden bitartean haurrak jolasean. 


Urtebete lagunak ikusi gabe egon ondoren Puerto Princesan elkartu ginen. Emozioak gainezka, elkar besarkatuz, zeinen ederra izan zen denok berriz elkartzea. Bertsotan abestu ziguten bezala, inoiz ez da ospatu ongi etorri bat etxetik hain urrun!

Beraiek uztailetik dabiltza bizikletaz Filipinetan eta gure bizikletak, berriz,  Manilan geratu dira atseden hartzen. Lau egun bakarrik geratzen zitzaien bizikletaz eta kilometro gutxiegi ziren bizikletak honaino ekartzeko. Horregatik,  motoa alokatu eta Xumeta eta Haitzolekin elkartu gara motorzaleen taldera. Lau motoz eta bederatzi bizikletaz.



Hainbeste kilometro bizikletaz egin ostean oso arraroa egin zaigu lagunak pedalei eragiten ikusi eta gu motoz joatea. Dibertigarria izan da.

Batzuk motoz eta besteak bizikletaz Palawaneko iparraldera jo dugu bertako kostaldeaz gozatuz. Port Barton herrixkan lasaian ederki asko egon ginen.

Hondartza toki aproposa da arrantzaleekin solasean aritzeko.
Haurren energia
eta helduen lasaitasuna.

Port Bartonetik San Vicente herrira txalupaz joan ginen. Hamahiru lagun, bederatzi bizikleta
eta hiru moto. 

Itsasoan txalupak nagusi badira lurrean “tricycle” izeneko ibilgailuak dira nagusi. Sidekarren antzekoak dira, moto bat eta alboan jendea garraiatzeko txokoa. Siestarako ere egokiak!

Autobusak ere oso bereziak dira.

Tay Tay herrian ilunabarra.

El Nido zen gure azken geltokia Palawaneko irlan. Toki ezaguna da bere inguruan dauden irla, hondartza, aintzira, ur garden eta harkaitzezko hormengatik.


Inguruaz gozatzeko aukera izan dugu txalupaz egin ditugun txangoetan. Urpekaritza, snorkeling,  hondartzak… Harkaitzen behealdean ikus daiteke El Nido herria.



Piraguak ere aukera onak eskaintzen ditu.

El Nidon Palawan irla utzi eta Busuanga irlara etorri gara barkuz. Busuanga irlan dago Coron herria eta inguruko kostaldean barku asko daude urpean ondoratuta. Jende asko hurbiltzen da hona urpekaritza eginez barku horiek ikustera. Ondoratutako barkuak eta ur azpiko bizitza.

Joseba eta Koldo.

Filipinak agurtzeko ordua iritsi zaigu eta Filipinak agurtzearekin batera urtebeteko bidaiari bukaera eman eta etxera itzultzeko ordua. Filipinetako egonaldia lagunekin elkartu eta etxera bueltatzen hasteko baliagarria izan zaigu. Lagunekin elkartu ginen egunean gure buruek etxerako bidea hasi zuten pixkanaka eta, egiari zor, ez dugu inolako traumarik, oso pozik gaude. Baina pixkanaka bueltatzen hasteaz  gain, Filipinetan lagunekin ederki asko pasa dugu.

Lagunak
eta Filipinak,
Filipinak
eta lagunak.

Hurrengo sarrera etxean, Euskal Herrian, idatziko dugu. Urtebeteko bidaian azkena izango da.